XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...) euskaldunekin, errondan ostaturik ostatu, orain Euskal Herrian bezala.

Nonnahi aurkitzen zituzten euskaldunak eta denbora goxoa pasatzen zuten elkarrekin solasean, musean ostatuan... kasik Euskal Herrian bezala.

Eta ez aspaldi, hau duela hogei, hogeita hamar, berrogei urte gertatzen baitzen.

Egun egoera aldatu da eta euskal hotela hotel gisa ez da negozio.

Bai errestaurantea eta janariak Basque family style, euskal famili-estiloko janaria ezaguna baita Far West-eko leku askotan.

Santa Fe hotelean, dena den beste hotel batzuetan bezala, geratzen dira hainbat urtez Ameriketan lan egin eta gero, bakarrik bizi diren mutilzahar batzuk apopilo.

Guztiz euskaldun diren eta sentitzen direnak, baina hainbeste urte Ameriketan egin eta gero gaurko Euskal Herrian lekurik aurkitzea zail samar ikusten dutenak.

Eta ez dira Rotschild han-hemenka ibiltzeko.

Musean ibili ohi dira arratsaldeetan Santa Feren kantinan, herriko beste euskaldun erretiratu edo ez-erretiratu batzuekin jokoan.

Santa Feko hotel partea beraientzat dago zabalik gehienbat.

Tartean bada gipuzkoar eta baxenafartarrik.

Agustin Albisu gipuzkoarra da eta hura hemen da hiru-lau urte hauetan.

Bada beste bat Martin Larregain, Larresorokoa, eta Manex Iribarne, Ortzaize ondokoa eta... bada holako frango, Euskal Herriko leku guztietakoak, nafartarrak, bizkaitarrak eta dena.

Ez da batere kasu arraroa Ameriketan hogeita hamar urte eta gehiago egonda, beti mendian, edota, hirira etorririk bakarrik euskaldunekin mintzatzearen poderioz, ingelesez aurrera ateratzeko moduan ez dakien jendearekin topatzea.

Hona etorri den lehen belaunaldian kasu arrunta izan ohi da.

Euskal hotel edo ostatua errudun zein laguntzaile izan da kasu hauetan.

Hotela Euskal Herri txiki bat izan baita jende askorentzat.

Adibide hurbila jartzen digu Jean-Pierrek.